XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ken dezagun orain hestea, ondoan dituen ehunetatik kontuz askaturik.

Komenigarria da alde terminaletik hastea, eta artazi kurbatuak erabiltzea.

Lehenik, hiru odol-hodi ikusiko ditugu, aurretik atzerantz doazenak, bi lateralki paratuta eta erdikoak, bentralki kokaturik, nerbio-katea bentrala inguratzen duelarik.

Hiru hodi hauek, jakina denez, zelomaren hondarrak dira, izan ere, izainaren kasuan zeloma oso txikia da, parenkimaren bolumena handia delako.

Ondoren, organo genitalak agertuko dira.

Bederatzi pare testikulu ikusiko ditugu metamerikoki kokatuta.

Testikulu bakoitzetik kanal motz batek irteten du alde bakoitzetik, eta kanal deferenterantz doaz, horiek esperma aurrera eramango dutelarik.

Kanal deferenteak asko kiribiltzen dira, eta aurreko muturrean bi besikula seminal edo epididimoak eratzen dituzte; gero erdiko leriora joaten dira (konduktu ejakulatzailea) eta zakilean bukatu.

Zakila poltsa batetan sartuta dago; poltsa honen barnean guruin handi bat ikusten da, prostata deitua.

Bi obarioak zakilaren atzetik dagoen segmentuan egoten dira.

Horiek zaku-itxura duen bagina batetan biltzen dira, honen irteera irekiune genital femeninoa da, maskulinoaren atzean kokaturikoa.

Nefridioak gorputzaren metameriarekin erlazionaturik daude, lakain bakoitzean pare bat aurkitzen delarik, hasierako eta bukaerako lakainetan izan ezik.

Guztira hamazazpi pare dauzkate.

Nefridio bakoitza, pabilioi bibratzaile batetan hasten den hodi oso estua eta biribildua da, eta zelomaren aintzira batetan abiatzen da.

Hodiaren beste aldea gernu-puxika bat eratuz dilatatzen da, eta hortik kanporantz kanal motz bat dago.

Testikuludun lakainetan nefridioen barne-muturra plater sakon baten modura zabaltzen da, eta oso estuki lotzen zaio testikuluari.

Nerbio-sistematik gongoil zerebroideo edo supraesofagikoa ezagun zaigu jadanik.

Oraingoan katea bentrala bereiz dezakegu, odol-hodi bentralaren baitan kokaturik (114. ird.).

Hodiaren paretatik, oso argi ikus daiteke dilatazio globoso bat lakain bakoitzean: gongoil bentral segmentarioa.

Lehenengoa gongoil batzuren batura da, eta gongoil infraesofagikoa deritzo.

Hemen, katea bentrala bitan zatitzen da, konektibo esofagikoak emanez; horiek gongoil zerebroideora igoten dira, aurre-hestearen ezker- eta eskubi-aldetik.

Orain gertakin mikroskopikoak banatuko dira: gorputzaren erdi-aldeko ebaketa transbertsalak.

Epidermia epitelio monoestratifikatu bakuna da, zelula nahiko handiek osotzen dute eta berauen artean zelula glandularren irteerak daude.

Epidermiaren kanpotik, berorrek jariaturiko kutikula oso fina dago.

Epidermiaren azpitik, odol-kapilaretan; oso joria den geruza bat dago (...).